"Lantegi Batuak-ek 123 lanpostu sortu ditu desgaitasuna duten pertsonentzat azkeneko 3 urteetan, haietatik 86 Bizkaiko enpresetan" (LBren Prentsa Oharra)

Lantegi Batuak-ek apirilaren 18an argitaratu zuen Prentsa Oharra daukazue jarraian. Hainbat komunikabidetan haren berri eman dute eta, beste adibide batzuen artean, Bizkaia Irratiak elkarrizketa egin zion apirilaren 25ean gure Programaren Koordinatzaileari.

"Lantegi Batuak-ek 123 lanpostu sortu ditu desgaitasuna duten pertsonentzat azkeneko 3 urteetan, haietatik 86 Bizkaiko enpresetan"

"Lantegi Batuak-ek 123 lanpostu sortu ditu desgaitasuna duten pertsonentzat azkeneko 3 urteetan, haietatik 86 enpresa arruntetan. Zifra horiek garrantzi berezia dute, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa baita desgaitasuna duten pertsonena; Bizkaian, adibidez, langabezia-tasa %30etik gorakoa da kolektibo horretan. Orokorrean hartuta, 2017ko abenduaren 31n 3.066 pertsona (%36 emakumeak eta %64 gizonak) ziren Lantegi Batuak-eko kide, eta %82k nolabaiteko desgaitasuna zuen. Lantegi Batuak-ek 180 milioi euroko salmentak lortu ditu epe honetan, hiru urtetan zehar %8ko hazkunde-erritmoa izan ondoren batez beste; epe horretan, 10 milioi euroko inbertsioak egin dira. Dinamismo hori industriaren arloan gertatutako susperraldiaren ondorio izan da eta, modu oso adierazgarrian, dibertsifikatu eta zerbitzuen sektorera jotzeko estrategiaren ondorio; hala, sektore horretan kokatzen da gaur egun Lantegi Batuak-en jardueraren %50.

Enpresa arruntetan sortutako lanpostuak Lanerako zerbitzuaren bidez kudeatzen ditu Lantegi Batuak-ek. Beste alderi batzuen artean, adimen-desgaitasuna duten pertsonen kontratazioari buruzko aholkularitza ematen zaie enpresei, Administrazio Publikoan laguntzen izapideak egiten laguntzen zaie, bete beharreko lanpostua analizatzen da eta izangaiak hautatzen dira, eta langileei prestakuntza eman eta jarraipena egiten zaie.

2017an adimen-desgaitasuna duten pertsonak (Lantegi Batuak-ekoak) kontratatu dituzten enpresetako bi Charamel Gozotegia eta Decathlon izan dira. Charamel Gozotegia artisau-gozotegi bat da, nazioarteko zaporeekin eta xarma bereziz lan egiten duena, Bilboko Alde Zaharrean. Bertan egiten du lan Angie Nataliak, lantegiko laguntzaile gisa, etxez-etxeko banaketan eta gozotegia garbitzen.

Nagore Ramos Charamel-eko arduradunaren hitzetan, “Lantegi Batuak-en Enplegu Lagunduaren Lanerako Programan parte hartzea esperientzia bikaina izaten ari da. Lan-prestatzaileak emandako babesa erabakigarria izan da, batez ere hasieran, nik ez baitaukat nahi beste denbora Natalia zenbait zereginetan trebatzeko".

Charamel Gozotegian adierazten dutenez, Angiek asko aurreratu du: "Etxez-etxeko banaketan harrigarria da. Deigarria da berehala antzematen diola nora joan behar duen. Langile ikaragarri fina da". Nagorek ez du baztertzen lantaldean ezgaitasun intelektuala duen beste pertsona bat hartzea: "Beste lanpostu bat bete behar banu, berriro egingo nuke. Seguru".

Bestalde, Decathlon aspaldidanik da Enplegu Lagunduaren Lanerako Programaren kolaboratzaile. Eta Bizkaiko Decathlon denda guztietan adimen-desgaitasuna duten langileak daude; Megapark Barakaldoko dendan, esaterako, bost.

Álvaro Fernández Megapark Barakaldoko Decathloneko Natura Saileko Arduradunak adierazten duenez, "desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa gure enpresa-politikaren baitan dago, herritarrengana gerturatzen gaituzten beste hainbat alderdiren artean. Betidanik egin izan dugu apustu indartsua politika sozialen alde, gure ardatz estrategikoen baitan".

Álvaroren saileak adimen-desgaitasuna duen pertsona bat ari da lanean 2016az geroztik: Jesús Mari. "Gure taldean Jesús Mari egotea esperientzia oso positiboa da. Bere ekarpen nagusia lan egiteko gogoa eta egunero-egunero transmititzen duen alaitasuna dira. Jarrera hori Jesús Mariri bezeroekin eta, noski, lankideekin enpatia izaten lagundu dion funtsezko oinarrietako bat da", adierazten du Fernándezek, eta , era berean, Lanerako Programa positiboki baloratzen du: "eskertzekoa da Erakundeak egiten duen jarraipena, eta jakitea behar izanez gero haien laguntza jasoko dugula".

Ingurune sozio-laboralari aplikatutako berrikuntzaren arloan, Lantegi Batuak-ek proiektu aitzindari bat garatu du azkeneko hiru urteetan, adimen-desgaitasuna duten langileen zahartze aktiboa bultzatzeko ingurune sozio-laboralean. Esperientzia pilotu honen bidez, Lantegi Batuak-eko 5 zentrotan gune espezifikoak sortu eta hainbat programa gauzatu dira, 300 lagunen parte-hartzearekin. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialaren kolaborazioa izan du. Nabarmentzekoa da prestakuntzaren eremuan ere esfortzu handia egin dela, 2017an 43.000 ordu baino gehiago erabili baitira prestakuntzarako. Gainera, urtean zehar Lantegi Batuak-eko 91 langilek erakundearen esker ona jaso zuten hainbat espezialitatetan egindako ibilbide profesionala dela-eta. Era berean, azpimarratzekoa da desgaitasuna duten ikasleentzako bekak finkatutzat eman daitezkeela, dagoeneko 7 deialdi egin baitira UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin elkarlanean.

2018-2020 denboraldi estrategiko berria Lantegi Batuak-ek dibertsifikazioaren, gaikuntzaren eta prestakuntzaren aldeko apustua egin nahi du, eta baita gero eta gehiago bezeroari begira lan egitearen aldeko apustua ere, 2018-2020ko estrategiaren funtsezko oinarri gisa. “Denboraldi estrategiko berriak erronka saihetsezinak dakarzkigu, hala nola gero eta gehiago lan egitea bezeroari begira, eta errentagarritasuna eta kudeaketa industrial eta logistikoaren eredua hobetzea. Era berean, eta Bizkaian desgaitasuna duten pertsonentzat lan-aukera berriak sortzeko helburuarekin betiere, gure dibertsifikazio-prozesuan eta negozio berritzaileen garapenean sakonduko dugu. Eta erakunde barruan, Lantegi Batuak osatzen dugun pertsona guztion prestakuntzaren, gaikuntzaren eta garapen profesionalaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Azken batean, erakunde malgu, berritzaile eta prestatuagoa izaten saiatuko gara”, laburbiltzen du Txema Franco Lantegi Batuak-eko Zuzendari Nagusiak.

Bizkaiko zentroen sareari dagokionez, Sestaon zentro bat zabaltzeko azken urratsak ematen ari da Erakundea; 2018ko azken hiruhilekoan martxan egotea aurreikusten da, hain zuzen. Zentroaren jarduera nagusia zirkuitu elektronikoen fabrikazioa, kable-sareen ezarpena eta ekipamendu elektrikoen muntaketa izango da. Dibertsifikazio-estrategiari jarraiki, eta beste proiektu batzuen artean, Lantegi Batuak-ek bultzada emango dio NAIAri, entsaladak eta barazkiak era ekologikoan ekoiztea eta prozesatzea helburu duen ekimenari, eta, era horretan, nekazaritza-jarduera iraunkorrak eta desgaitasuna duten pertsonen lan-munduratzea uztartuko dira. NAIAk 14 lanpostu berri sortuko ditu 2018an, eta 2 urtean areagotu egingo dira 20ra iritsi arte. Era berean, adimen-desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako babesaren pertsonalizazioan sakontzeko helburuarekin bat etorriz, pertsona horien zahartze aktiboa bultzatzen jarraituko da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean eredu berri bat ezarrita, Lantegi Batuak-eko hainbat zentrotan gauzatutako proiektu pilotuaren emaitza gisa. "




Zure iruzkina