Unai Urkiaga
 Está Trabajando

Peoia industriala 

Ibili al zara aurretik lanean? Non?
Bai, bestelako lanetan aritua naiz. MOLCUR aroztegian lan egindakoa naiz eta baita igerilekuen inguruko GRE enpresan ere.

Zenbat denbora daramazu enpresa honetan?
BUSTINBERen eta gaur egungo lanpostuan, denbora dezente daramat, hiru urte baino gehiago, ia lau urte.

Ohiko lan-merkatuan lan egiten duzun lehen aldia al da?
Ez, ez. Aurretik Mungiako MOLCUR aroztegian ibilitakoa naiz, lehen esan dizuet. Han ere Lanerakori esker sartu nintzen, baina aurretik igerilekuak eraikitzen eta muntatzen dituen GRE izeneko enpresan ere izan nintzen eta han nire kontura sartu nintzen, Lanerokotik aparte.

Zer desberdintasun dago zuretzat ohiko lan-merkatuan edo Lantegi Batuak bezalako lan-zentroan lan egitearen artean?
Ezin dizkizut desberdintasunak esan ez baitut Lantegi Batuak-en lan egin. LBen sartu nintzenean, zuzenean sartu nintzen Lanerako Laguntza egitasmoaren itxarote-zerrendara. GRE enpresako lana etxean bilatu zidaten.
GREn eta BUSTINBERen lan egitearen artean diferentzia nabaria da. Han “izorratuago” nengoen, askoz ere presio handiagoa nuen. Eta gainera ez nuen lan-kontuekin lagunduko zidan inor. MOLCURen asko eskatzen zuen nagusia genuen, baina asko, asko. Lan asko zegoen eta nagusiaren presioa ikaragarria zen. Oso zorrotza zen eta arnasa hartzen ere ez zigun uzten.
BUSTINBERen nagusia lasaiagoa da eta lanerako presioa ere ez da hainbestekoa. Lehen, dauden bi ofizialetako batekin arazoak nituen. Begiz jota ninduen. Lanerako prestatzailearekin komentatu nuen eta beste ofizialarekin hobeto moldatzen naizenez, nire lana berak gainbegiratzea lortu genuen. Lan batzuk berak gainbegiratzen dizkit eta beste batzuk bakarrik egiten ditut. Lana nik antolatzen dut, baina beti egon behar duzu prest edozer gauza egiteko.

Zer ematen dizu lan egiteak?
Batez ere askatasuna. Nire dirua irabazten dut. Nire denbora nik antolatzen dut. Goizean goiz jaikitzea ez da arazo bat niretzat. Lanaldi etenean zein jarraituan (goizeko 6retan esnatuz) lan egin izan dut.
Ez ditut aginduak gehiegi atsegin, batez ere zentzugabekoak direnean. Besteek erritmoa ezartzea edo gauzak nola egin behar ditudan esatea ere ez dut oso gustuko. Gauzak nire ardurapean izatea atsegin dut. Askatasuna izatea gustatzen zait eta lanak ematen didan askatasuna ere. Lanean ondo moldatzen naiz, makinekin lan egitea biziki atsegin dut, fenwick-a (eskorga jasotzailea), kalandra, prentsa…

Zein izan zen enpresa honetan hasi zinenean aurkitu zenuen lehen oztopoa? Nola konpondu zenuen?
Lehen oztopoa lankideekin moldatzea izan zen. Harremanak, giroa… lekua hartu beharra nuen.
Gero lanarekin moldatu behar izan nuen. Hori ez da lau egunetan ikasten. Beharbada hilabetean bai, baina… egokitzapena behar izaten da.
Lasai hartu nuen. Jendearekin hitz eginez pixkanaka ezagutu nituen. Batzuekin errazagoa da, ni tratatzeko modua erabat normala delako. Baina beti dago hitz egiteko eran oldarkorragoa den norbait… zapaltzaileagoa dena. Lehen komentatu dizudan ofiziala bezala, ez nintzen berarekin ondo konpontzen.
Orduan Andonirekin (Lanerako programaren laguntzarako pertsona) hitz egin nuen. Nagusiarekin zuzenean ez dut hitz egiten. Ez da ezergatik, baina ez dut lankideen komentario maltzurrak entzun nahi. Harreman onak mantentzen saiatzeko. Andonik nagusiarekin hitz egin zuen eta hobeto moldatzen nintzen ofizialarekin lan egiteko aukera eman zidaten.

Zein da enpresa honetan lan eginez lortzen duzun onurarik handiena?
Lana ondo ateratzea. Bezeroak ez kexatzea. Eta irabazten dudan dirua, jakina, beste edozeinentzat bezala. Nik ere nire gastuak ditut, eh? Autoa dut eta ni neu ari naiz nire etxea eraikitzen.

Zerbaitetan aldatu al du zure bizitza ohiko enpresa batean lan egiteak? Lantegi Batuakera bueltatuko zinateke?
Nahiago dut BUSTINBERen lan egitea. Gatitan, aroztegi batean, lan egiten dudala esan dezaket, baina ez nuke era berean esango LBen lan egiten dudala. Ohiko enpresa batean eta pertsona arruntekin, ni bezalakoekin, lan egitea gustuko dut.
Jakina, LBen ere egingo nuke lan hemen adina irabaziko banu (barreak). LBen lan egingo banu, ezingo nuke, esaterako, nire etxea eraiki.

Enpresa batean lanean zaudela kontuan hartuz, zein lan-helburu duzu orain?
Lehen mailako ofiziala izatea nahiko nuke, baina horretarako tituluren bat beharko nuke. Beno, beti pentsatu izan dut enpresa bat sortzea, baina 500m2-ko pabiloia izanda, nire buruari zera galdetuko nioke: “Zein negozio egin dezaket nik hemen?”. Zurgintza atsegin dut. Bai, sortu ahalko nuke aroztegi bat, baina zenbat aroztegi daude dagoeneko?
Hotzean pentsatuta, nagusi izatea ondo dago, baina enpresa batentzat lan egiten hobeto nagoela uste dut.

Bukatzeko, zer nabarmenduko zenuke Lanerako programan?
Laguntzarako norbait duzula jakiteak ematen dizun lasaitasuna. Badakizu arazoren bat izan ezkero, harengana jo dezakezula eta konponbidea bilatzen lagunduko dizula.